"2 8 . Edo bederen, uste zuen oraindik Isabela baten haragi mardul eta beroak emanen ziola haren etsipen isilak eskatzen zuen mozkorraldia. Ustekeriaren huskeria! ez al zekien vodkak, oro har, hobeki lausotuko ziola arimaren min sendatu ezina— eta beste sorgor-emaleak ere baziren, orain artean dastatu gaberik utzi izan zituenak. Edozer onargarriago izanen zen Isabela bat baino.
Orain emaztegaiari begira zegoelarik, errukirik gabe ohartuz haren larruaren zimurtxo bakoitzari, haren begi-petako beltzari, haren irri-egite inozoari, gehiago ez zuen ulertzen zergatik gau bakar bat ere galdu zuen sekulan, gorputz ikol horretatik atsegin apur bat ater ; haren haragiak ahazturik zuen inoiz beste haragi horrek eman zion ikara, eta harekiko solas higuingarria berriz ere hasi beharrak izotzez betatzen zituen haren zainak oro. Baina ez zuen itzurbiderik... eta Isabela deus esatera ausartu gabe lotu zitzaionean, utzi zuen ahoa berean har ziezon, nahiz haren izate guztia bihurtzen zen laztan horren pean. Zorionez anderea ez zen konturatu atzekaldera hasi zuen higikundeaz...
Inor besterik ez zen ezagun etse guztian. Nora joanik ote zen haurra? Karrikara agian, eskolako lagun batzuengana, edo parkeko zuhaitzen artean zegoen bakarrik paseiatzen gaixoa... Neskamea ere ilkia zen. Halaz ere, ez zen egon nahi izan andregaiarekin goizaldea Theresarekin iragan zuen lekuan, ez inork atzemanen zituelakoan noski, baina profanatze bat izanen zelako; eta Isabelaren musuak ausartuago eta gosetuago egin zirenean, isilik bere lo-gelara eraman zuen".